Logo Xacobeo 2021
Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Nafarroa, Bidearen atea

Nafarroa da Donejakue bidea Iberiar Penintsulan sartzeko atea. Ate hori zeharkatuta lurralde zoragarria aurkitzen duzu, mendeetako tradizioak, natura basatia eta ondare historiko bikaina dituena.

Nafarroak ongietorria egiten dizu, eta historiaz, kulturaz eta paisaiez gainezka dagoen bide bat eskaintzen; bertan ondare historikoa, paisaia kulturala eta ondare naturala uztartzen dira. Sartu, beraz, Donejakue bidean ate handi honetatik.

Donejakue bidea esperientzia zoragarria da, arrazoi espiritual edo kulturalengatik, egiten den ariketa fisikoagatik edo munduko bazter guztietako jendearekin egoteko aukera dagoelako. Bidaia honek betiko aldatuko zaitu. Santiagora iristea da helburua, eta hori lortzeko adorea eman nahi dizugu. Baina hastea, lehen urratsa egitea, garrantzi handikoa da, eta Nafarroan egin dezakezu hori.

Aurten Donejakue bideak badu zer ospatu, Urte Santua baita. Gainera, ohi ez bezala eta pandemiaren eraginez, 2022ra arte luzatu da, jende pilaketarik egon ez dadin.

Nafarroak, Done Jakueren urtea ospatzeko, kulturarekin eta turismoarekin lotutako programazio aberatsa prestatu du. Jarduera seguruak, zure osasuna babesteko. Berrogei saiotik gora izanen dira: esaterako, Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren 4 kontzertu, talde horrek ekainean Bideko 4 herritan emanen dituenak; Iruñeko Nafarroako Artxiboaren erakusketa ibiltari bat, Planetarioarekin batera prestatutako proiektua, zientzia eta ondare kulturala elkartzen dituena; eta Bidearekin lotutako beste anitz ekitaldi, azken hamarkadetan errotuak, hala nola Lizarrako Antzinako Musikaren Astea, Ondareari buruzko Europako Jardunaldiak edo KULTUR zikloko kontzertuak; halaber, liburutegi sareak eta Filmotekak antolatutako jarduerak, kazetari adituekin batera egindako bidaia kulturalak edo pasaporte gastronomikoaren proiektua, “Dastatu Bidea” izenekoa.

Administrazioaren ekimenak zabaltzeaz gain, bestelakoak ere sustatu nahi dira, hala nola toki-erakundeenak, elkarteenak eta beste erakunde batzuenak.

Eta ez ditugu ahantzi nahi ibilbidea ongi mantentzeko lanak, irisgarritasuna, jardunbide egokiak eta erromesei harrera hobea emateko lanak.